2015(e)ko urtarrilaren 25(a), igandea

2. unitatea. Gazte gara gazte

“Gazte gera gazte, ta ez gaude konforme”, halatsu kantatzen zuen hirurogeigarren hamarkada amaierako euskal gazteriak. Gaztetasunaren aldarrikapena ziren Lourdes Iriondoren ahots gozoak gidatzen zuen kanta hura eta haren antzerakoak. Egun ere bada gaztetasunaren aldarrikapena egiteko motiborik, eta, beraz, horretara bideratu eta horretan lagundu nahi zaie ikasleei unitate didaktiko honekin.

Oro har, gazte eta nerabeei buruz gizarte-komunikabideetatik ematen diren mezu eta irudiak, gaztetasuna indartu baino gaztekeriaren berri emateko izaten dira. Unitate didaktikoan nerabe edo gazteei hitza eman eta inguratzen dituzten gaztekerien aipamenei, gaztetasunaren aldeko aldarrikapenak eginez aurre egiteko gonbita egiten zaie. Horixe eskatzen da hasierako egoeran. Eta horretarako unitateko hiru osagaietan, esan daiteke, hiru ildo lantzen direla: gizarte-komunikabide indartsuak diren ikus-entzunezko testuak, estereotipoak eta kontra-argudiatzea.
Lehenengo osagaian egiten da ikus-entzunezkoen eta estereotipoen lanketa sakona, nahiz eta ondorengo bi osagaietan ere indartzen den. Bigarren osagaian, argudiatzea eta kontra-argudiatzea lantzen dira, nahiz eta arrazonamendu logikoaren lanketa lehenengo osagaian ere egiten den, argudio logikoak erabiliko baitituzte ikasleek ikus-entzunezkoen balorazioak justifikatzeko. Hirugarrenean, argudiatzea edota kontra-argudiatzea darabilten iritzi-testuen berrikusketa lantzen da kontrol-zerrendak lagun.
Ikus-entzunezko testuen ulermen kritikorik landu gabe, zail da egungo konpetentzia komunikatibo linguistikoa erdiestea. Izan ere, egungo gizartean ikus-entzunezkoek inguratuta bizi gara. Ikus-entzunezko berezko xedeak eta ezaugarri adierazkorrak dituzte eta haiekin “elkarrizketan” diharduenak ezagutu egin behar ditu interpretatu eta baloratzeko: islatzen edota erakusten diguten munduaz edota mundu-ikuskeraz jabetzeko, hartzaileongan eragiteko erabiltzen dituen baliabideak aztertzeko, kritikoki baloratzeko… Testuinguru horretan txertatzen da unitatean egiten den estereotipoen lanketa.
Ikus-entzunezko testuen ulermen kritikoa lantzen hasita, zail da argudiatzeari ez heltzea. Horregatik, hurrengo osagaietan, batez ere emozioetan eragiten duten ikus-entzunezkoekin alderatuz, arrazonamendua jorratzen da, argudiatzearen eta kontra-argudiatzearen bidetik.  

Hasierako egoerari aurre egiteko, hartzaileengan eragingo duten gaztetasunaren aldeko aldarrikapen-bideoak egiteko, argudioak beharko dituzte, baina baita hartzaileen emozioetan eragiteko bitartekoak ere.